XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bizitza guztian zorpean gelditzen ziran asko, pekatuen zorrak ordaindu ezinik.

Indarrak ahuldurik dagozanean, kurutze astunegia ezarten badeutsazu gizakiari, gizaki hori, Jesusen antzera, hauspez lurrera doa.

Holako zerbait jazo zan autortza horrekin ere.

Pekatuari ezarten jakozan zigor mendi hareek ikustean, jentea autortzatik urrundutzen hasi zan.

Jentearen onarpena galdu eban.

Zelan zuzendu bidegabekeria hau?

Zelan sartu barriro eliztarrak autortza bidean?

Zerbait egin behar zan jausita egoan zulotik autortza ateratzeko.

Eta, hain zuzen ere, bide erne bat aurkitu eben: pekatuaren ordain zorra, nekea arindu, murriztu, ia-ia ezerezean itzi...

Erabagi hau hartzeko gauza bat izan eben gogoan: autortzan pekatuak esan behar hori nahiko neke eta lotsari zala, besteko barik, hobendariarentzat.

Hortik dator, azken baten, pekatuen esan behar hori.

Beraz, zigor bidez emondako agindu bat da.

Pekatariari ezarten jakon lotsarizko zigor bat.

Norberen barru zikina ezagutzen emoteak gizakia lotsaz mingostuten dau; une hori, une gorri egiten jako edozeineri.

Baina, parkamena hartzea nahi dauanak, zigorpe horretatik igaro beharra dauko.

Ez dago parkamenik, antza, zigorrik gabe.

Honako ekandu edo ohitura bat liturjiaren odol eta haragi egiten danean, gehientsuenetan, luzarorako izaten da.

Bizi luzea izaten dau eliz alorrean.

Elizaren aldetik ere, holako sagaratasun bat hartzen dau.

Liturjiaren bihotza balitz lez begiratzen jako.

Gero, sinisgarritasun handiagoa emoteko, Jaungoikoagandik datorren doai zerutarra dala esaten da.